XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Herri bidea defendatzeagatik, epaitegira

Alkateak, astelehenean izango du epaiketa herri bidea defenditzeagatik.

Herritarrek betidanik herri bidetzat ezagutu eta erabili izan dute.

Jose Antonio Altuna auzitegira, Eguskitzako herri bidea defenditzeagatik.

1991ko gabonetan hasi zirenetik lehengo arazoak tirabira eta liskar ugari izan dira Eguskitzako jabe berriaren jarreragatik.

Langa irekia uzteko eskaerei muzin egin ondoren arazoa epaitegira doa.

Luis Arizmendi Barnes-ek alkatea salatu du por abuso del poder hau da langa irekitzeko agindua eman zuelako.

Usurbilgo alkatea den Joxe Antonio Altunari jakinarazi zion Justizi Auzitegiak, Eguskitza baserriko bidearekin sorturiko arazoaren epaia otsailaren 1ean, hau da, astelehenean, burutuko dela.

Badirudi alkatearen akatsa langa irekitzea izan dela.

Erabaki hau hartu aurretik jabeari irekitzeko idatziak bidali zizkiola, honek behin eta berriz muzin eginez.

Ikusirik herri bideak itxirik jarraitzen zuela alkateak Udaltzainei atea irekitzeko agindua eman zien.

Epai honen aurretik azaroak 5ean goizeko 10etan alkatea Donostiako Auzitegian azaldu zen deklaratzera deia jaso ondoren.

Hurrengo pausua astelehen honetako epaia dugu.

Salerosketa

1991. urteko abendu inguruan Donostiako arkitektu batek, Jose Luis Arizmendi Barnes-ek, Eguskitza baserria erosi zion Benedicta Bidasoro Atorrasagasti andereari.

Adierazgarria da Udalak 1990. urteko abenduak 11ean lehengo jabeari, Benedictari, ganaduarentzako behin behineko itxutura egin zuela eta irekitzeko eskaera bete zuela.

Honek eta beste mila arrazoiek ziurtatzen dute herri bidea dela.

Arazoaren jarraipena

1991. urteko gabonetan hasi zen arazoa herritar mendizale batzuk bertatik igarotzen saiatu zirenean, beti bezala, nagusi berriak debekatu zuelarik.

Geroztik istiluak sortzen joan dira.

Ondorioz otsailak 30ean segurtasuneko gizon bat jarri zuen.

Eguskitza alboko bidearen espedienteari begirada bat emanez ondorengo laburpena egin dezakegu.

Lehenik Udaletxean EHNE-k, Andatza K.K.E.ak eta inguruko baserritarrek beraien kexak aurkeztu zituzten.

EHNE-k Eguskitza baserriaren jabetza berria zela eta bertan sortu diren arazoak, betidanik herri bidea izan dena orain pribatua dela diotelarik, lehen bait lehen konpontzea eskatu zioten alkateari.

Andatza K.K.E.ak Eguskitza baserritik igarotzen den herri bidea orain artean bezala irekita mantentzea eskatu zuen.

Froga gisa antolaturiko ibilaldi neurtuen planoak bateratu zituzten.

Azkenik baserritarren idatzi garrantzitsua.

Baina dena den Jose Luis Arizmendik bere jarrerarekin jarraitzen zuen.

Martxoaren 4ean jakinarazi zitzaion Benedicta Bidasoro andereak langa irekia edukitzen zuela.

Langak kate txiki bat zuen, baina edozeinek ireki zezakeen, horrela pasaera libre izanez.

Martxoak 23an Arizmendik alkateari eskutitz bat igorri zion esanez bere nahi pertsonalek ez zutela inongo oinarririk eta ondorioz ez dituela onartzen.

Era berean adierazi zuen errekurtsoa ezarriko zuela oinarrituz berak baserria eskuratu zuenean ez zela inongo bide publikorik adierazten eta planeamentuan ez dela isladatzen.

Apirilak 11ean bi udaltzainek Eguskitza baserriaren jabeari erabilera publikoko bidea irekitzeko eman zitzaion epea amaitu eta gero goizeko 11.15etan bidea publikoarentzat irekia utzi zuten.

Jose Luis Arizmendik bere jabetza adierazteko kartel bat ezarri zuen: Ez pasa, propiedad privada, perros peligrosos.

Kartel hau gaur egun Usurbilgo frontoi atzean daukagu ikusgai.

Uztailak 5ean, festetan, Andatzak antolaturiko ibilaldi neurtuan arazoak ez sortzearren, Udaltzaina Eguskitza baserrira gerturatu zen.

Eztabaida ondoren baserriko nagusiak martxakoei oztoporik ez jartzea erabaki zuen baina adieraziz hurrengoan ez zuela irekiko eta arazoak izango zituztela sartu nahi zutenek.

Herritarren salaketak

Azkenik 1992. urteko irailak 29an udalak erabaki zuenaren berri emateko Eguskitza baserriko jabeari makina idatzi bidali zitzaizkion erabilera publikoko bidea irekitzeko errekurrituz: Martxoak 23an, apirilak 8an eta maiatzaren 7an.

Udal errekerimentuei ez zienez egin, eta jendearekiko jarrerarengatik arazoek jarraitzen zutenez Udaletxean salaketa ugari jaso bait ziren langak kandatu batez itxi zituelako, ondorioz, luzaezinezko epea eman zitzaion langa irekitzeko, erabilera publikoa normalizatuz.

Emandako epean beteko ez balu, udal lantaldea bidalia izango litzateke langa kentzera, horrela izan zelarik, horregatik, eta kartela kentzeagatik Luis Arizmendik alkatea salatu zuen, arazoak legedi zentzua hartuaz.

Asteleheneko epaiketara alkatea bere testiguekin joango da.

Testiguak baserritarrak eta mendizaleak dira.

Denek herri bidea denez erabilpen publikorako irekirik egotea eskatu eta defendatuko dute alkateak bezala, herritar guztiei eragiten digun gaia denez herritarrentzat egokiena dena lortzen saiatuko delarik.

Baserritarrak, ohituraren testigu

Eguzkitza inguruko 16 baserritarrek idatzi bat sinatu eta aurkeztu zuten.

Ondorengo baserriko herritarrek adierazten zutena guztiz aipagarria da: Aintzi, Urdaira, Arburu, Luxarbe, Arratzain, Benta, Gaztelu, Arrillaga Haundi, Etzabal, Urkamendi, Zumitza, Txantxon, Gorostidi, Teleindegi eta Iarbe.

Idatzi hau oinarrizkoa izango da bertan aipatzen diren datuengatik.

Labur bilduz zera dio: Urdaira baserritik Orio-Bentako bidea Eguskitza baserri parean itxita dagoela eta guarda juratu batek gordetzen duela bide ibilkuntza oztopatuz.

Aipaturiko bidea betidanik irekia egon dela diote eta erabilpen publikoa izan duela bai oinezkoentzat eta bai behi gurdientzat ere.

Denek adierazten dute Orio-Bentako bide horretatik jeisten zirela Aginaga auzora eta baserri honetan aintzinean erromeri bat ospatzen zela igandeetan, Aginaga eta Usurbilgo biztanleak bide horretatik joaten zirelarik.

Garai batetan derrigorrezkoa omen zen hildakoa bide publikotik elizara eramatea eta bide hori erabiltzen omen zen gorpua Eguskitza baserritik eramanez.

Aspalditik eta orain ere bai Lursabe baserrian (Orio) meza ematen da igandeetan auzotarrek bide hori erabiltzen dutelarik mezetara joateko.

Era berean orain dela gutxi bide hori erabiltzen omen zuten hainbat auzotarrek Oria-Bentako eskolara joateko.

Baita ere Usurbilgo Andatza K.K.E.ak antolaturik azken urteetan Usurbilgo ibilaldi neurtuan bide hori erabili ohi izan da pasabide bezala Bentara joateko.

Azkenik aipatzen dute bide horren jarraipena Urdaira baserri aldera Arburu baserriko eskribau agirian bide publiko bezala azaltzen dela.